Baskisch


JÜRGEN JANKOFSKY

 

 

ANNAK HOOD

 

Bat

 

—Ez da posible ―oihukatu zuen Annak―, ikaragarria da. Ikaragarria!

Telebistan errefuxiatu bat ageri zen, itsasotik ahaleginka ateratzen. Haur bat zeraman besotan, hildako haur bat. Kontu handiz, maitekiro ia, haurra hondar gainean utzi, belaunikatu eta zerurantz begira-begira geratu zen. Turistak bainujantzitan, horietako batzuk haurrak, gerturatu egiten ziren, kuxkuxean. Ez, ez zen film bat, albistegia baizik. Dena zen egia, zuela gutxi gertatua.

Annak eskuekin begiak estali eta burua astindu zuen. Irudiek, ordea, hor jarraitzen zuten. Eta itsasoak errefuxiatu gehiago zekartzan. Eta urrunean beste txalupa bat ari zen hondoratzen.

Jakina, ez zen halako irudiak ikusten zituen aurreneko aldia, baina egun hartan gehiegizkoa egin zitzaion.

Albistegietako kazetariak esan zuen nahi zuenak edozein unetan eman zezakeela diru-laguntza.

Gelara korrika joan eta bere itsulapikoa hartu zuen Annak. Hain justu aurreko egunean eman zioten aitona-amonek diru mordoska bat oporretarako. «Bidaia ona izan! Eta ondo pasa!» Baina, nola, ba: aitatxo eta amatxorekin palmondo azpian etzanda egon, eta beste nonbait telebistan ikusi berri zuena gertatzea? Ez! Ez horixe!

Itsulapikoa buruaren gainetik altxatu eta... braust! Txiki-txiki egin zen lurrean. Txanponak buelta-bueltaka atera ziren.

—Zer gertatzen da hemen? ―korrika batean etorri zen ama sukaldetik―. Zertan ari zara?

—Dirua eman nahi dut ―esan zion Annak hatzaz telebista erakusten ziola―. Lagunduko al didazu?

—Bai, baina...

—Ez da posible ―esan zion Annak―, batzuk eguzkipean etzanda eta besteak hiltzen... Nahikoa da, nahikoa!

 

 

Bi

 

Robinek txikle-makinari jo zion eskuaz.

—Kaka! ―esan zuen haserre―. Zenbat txanpon sartu behar ditut, ba? Zer arraiogatik ez da ezer ateratzen?

Annak ikusi zuen nola Robin bila eta bila ari zen, haserre, galtzetako poltsikoetan. Baina, makinan beste txanpon bat sartu baino lehen, garrasi egin zion Annak:

—Itxaron!

Annak galdetua zien klaseko gainerakoei ea zerbait egiteko prest zeuden munduan justizia gehiago egon zedin, pobreziaren, miseriaren eta sufrimenduaren kontra. Baina guztiek zeukaten aitzakiaren bat: batzuek etxean ahaztu zutela dirua; besteek, ez zeukatela denborarik, ikasi egin behar zutela derrigor; beste batzuek zioten gurasoei galdetu behar zietela aurrena; beste batzuek, egingo zutela hurrengo egunean zerbait, beharbada.

Robinek Annak motxilatik erreskatatu zuen txiklea ikusi zuen: pixka bat zikin zegoen, baina, tira, txikle bat, hala ere. Eta pazientzia handiz entzun zituen Annak kontatuak: telebistako irudiak jasanezinak zirela eta abar eta abar. Eta, hara, Robinek, azkenean, bere txanpona eman zion Annari.

 

 

Hiru

 

Matematikako azterketa zailean bikaina lortzeagatik aitatxok emandako dirua ere eman egin zuen Annak. Eta osaba-izebei, lehengusu-lehengusinei, bizilagunei, are, irakasle eta ezezagunei ere, berak bezala egiteko eskatu zien Annak.

Hala ere, albistegietako irudi beldurgarri haiek ez ziren desagertu. Alderantziz, egunetik egunera gehiago zirela zirudien, ez gutxiago, eta, gainera, geroz eta irudi beldurgarriagoak ziren: hondoratzen ziren txalupa geroz eta gehiago, geroz eta hildako gehiago, geroz eta kuxkuxero gehiago.

 

 

Lau

 

Robinek Annari galdetu zion ba al zekien bazela Robin izeneko pertsona ospetsu bat, mundu guztian ezaguna:

Beti berdez jantzita, gezia jaurtitzen abila, heroi azkar eta ausarta, aberatsei dirua kentzen ziena pobreei emateko …

—Robin Hood?

—Bai horixe ―erantzun Robinek.

 

 

Bost

 

Anna pentsakor geratu zen.

—Zer esan nahi duzu? ―galdetu zion lagunari azkenean― Aberatsek pobreei dirua emango baliete, gutxienik jatekoa eta edatekoa edukitzeko adina, eskolara joan, lan bat bilatu eta bakean bizi ahal izateko adina, orduan... ez lukeela inork bere herritik alde egingo?

—Hori ez dakit ―erantzun zion Robinek.

—Esan nahi duzu pobreek ez luketela beren herria utziko herrialde aberatsetara joateko, eta ez luketela bidaia arriskutsurik egingo itsasoz, desertuak eta mendiak pasaz eta alanbre puntadunez babestutako mugak pasaz?

—Hori ez dakit ―errepikatu zion Robinek.

—Non ikas dezaket geziak botatzen? ―galdetu zion orduan Annak.

—Hori ere ez dakit ―erantzun zion Robinek.

 

 

Sei

 

Robinek ikusi zuen nola Annak, egunak joan egunak etorri, bere itxura aldatu zuen: aurrena, zinta berde batekin agertu zen ilean; gero, berdez margotutako azazkalekin; jertse berde bat janzten hasi zen ondoren; gona berde bat, oinetako berdeak, eta, azkenerako, ezpainak eta betazalak berdez margotuta etorri zen, erloju berde batekin, motxila berde batekin eta eskumuturreko, kate eta eraztun berdeekin.

Baina, zenbat eta berdeago, orduan eta itxiago zirudien Annak. Bazirudien bere pentsamenduetan sartuta zegoela beti; ez zuen barrerik egiten, ez zuen besteekin egon nahi eta, Robinekin ere, justu-justu hitz egiten zuen.

Anna ez zen jabetu ere egingo Robin eskolara bat-batean kapela berde batekin etorri zela, ez balitz irakasleek behin eta berriz esan behar izan ziotelako, mesedez, kentzeko buruko berde hori gutxienik eskola-orduan.

—Ondo ematen dizu berdeak! ―esan zion Annak.

—Baita zuri ere ―erantzun zion Robinek.

Irribarre egin zuten biek.

—Robin Hood pozik zegoen beti ―esan zion Robinek―, beti umoretsu eta alai.

—Eta zuk zer dela eta dakizu hori?

—Beno, pixka bat irakurri dut, Interneten-eta.

—Ados ―esan zion Annak―. Eta? Zer gehiago?

—Robin Hoodek ez zukeen inoiz ezer lortuko, ezertxo ere ez, ez balitz bere adiskideengatik. Talderik gabe ez zukeen inoiz justiziaren alde egin ahal izango, inoiz ere ez!

—Mm ―Anna pentsakor geratu zen―. Zer esan nahi duzu…?

—Bai ba! ―esan zion Robinek.

—Aurrera ba! ―esan zuen Annak, Robini eraztun berde bat ematen ziola― Ongi etorri Anna Hood taldera!

 

 

Zazpi

 

Interneten irakurtzean, Annak jakin zuen Robin Hood eta bere adiskideei legerik gabekoak deitzen zietela. Eta legerik gabekoen legea omen zen aberatsei kendu eta pobreei ematea.

Annak irakurri zuenez, zeukaten urre, diru eta bitxien erdia kentzen zien Robin Hoodek aberatsei, ez baitzuen nahi haiek ere pobre bihurtzea.

Irakurri zuen, baita ere, Ingalaterran Robin Hood Jokoak jokatzen zirela aspalditik, eta egun horretan kantuan eta dantzan aritzen zirela, errezitaldiak egoten ziren, malabarak eta oreka-jokoak, eta aberatsek, azkenean, dirua ematen zietela pobreei, eta ez gutxi, gainera. Robin Hood Jokoak Robin Hood egunean izaten omen ziren, hau da, maiatzaren 1ean.

 

 

Zortzi

 

—Primeran! ―poztu zen Robin―. Gaur maiatzaren lehena da. Goazen!

—Baina, nora?

—Aberats guztiek joan behar duten tokira, dirua gordeta dagoen tokira, bankura!

Annari eskutik heldu eta, elkarrekin, korrika abiatu ziren hirian zehar.

Baina, bankuaren aurrean baziren ordurako pertsona batzuk: alde batean, gizon eta emakume zahar batzuk, bandera eta pankarta gorriak eskuetan, eta txilibitu gorriekin belarriko mina jartzerainoko txistu-hots ozena ateraz; beste aldean, berriz, adinez beste alderdikoak bezalatsu ziren gizon eta emakumeak, bandera eta pankarta beltzak eskuetan eta txistu-hotsaren kontra garrasika. Bien artean, polizia. Eta arnasa hartzeko guztiak isiltzen zirenean, gizon zahar bat hasten zen hizketan eskenatoki batetik, esanez herrialde guztietako langileek eta proletarioek diruaren boterea suntsitu beharko luketela, eta papertxo batean idatzitako esaldi gehiago irakurri zituen erdi-totelka, Annak eta Robinek nahita ere ulertzen ez zituzten esaldiak.

Baina biek kantatu edo dantzatu, ezer errezitatu, malabarik edo magiarik egin ahal izan baino lehen, zakar bidali zituzten bertatik:

—Hau ez da jolasteko tokia!

—Maiatzaren lehena da, proletarioaren borroka-eguna!

—Ulertu al duzue?

 

 

Bederatzi

 

Adi, haurrok! Idatzi zuen Annak Interneten: Nor dago injustiziaren kontra? Nor dago legerik gabekoen legearen alde? Anna Hood Taldea sortu dugu! Taldekide izan nahi? Idatzi!

 

 

Hamar

 

Handik gutxira, Annak mundu osotik jaso zituen mezu elektronikoak.

Aurrena, Ottok idatzi zion: Nik zuekin nahi dut!

Gero, Ahmed, Armen, Amo, Sovanni eta Akiraren mezuak iritsi ziren.

Mariak galdegin zion, ea mezua beste hizkuntzatara itzul zezakeen.

Jakina!

Svetlanak galdegin zion, ea mezua beste haur gehiagori bidal ziezaiokeen.

Jakina!

Indirak galdegin zion, ea itzulitako mezua hizkuntza gehiagotara itzul eta zabal zezakeen.

Jakina! Jakina! Jakina!

Efektu biderkatzailea izan zuen mezuak: taldean egon nahi zuten Gisok eta Zlatkok, Hailek, Bageshreek, Manonek eta Thijsek, Agnetak, Eylülek eta Sarak, Josek, Johnek, Györgik eta Giovannik, Lingek, Ruik, Dschingisek, Malaikak, Vainök, Xabik, Yaalak, Hrafnhildurek, Bintangek, Odysseusek eta Waluyok, Nairak, Mowanek, Ernestok eta Jankok, Jeanettek eta Yasminek, Karambak, Patrickek, Retok, Nanuqek, Ngunouek, Svenek, Zacharyk, Narumolek, Hoak, Gabijak, Raduk, Tenzinek eta Soo-Jungek.

Ongi etorri!

 

 

Hamaika

 

—Irakurri al duzu? ―galdetu zion Robinek― Taldekide berriek ideia berri pilo bat eman dizkigute!

—Bai! ―esan zion Annak―, Ea, ba, zerbait egiten dugun!

Ideietako bat zen aberatsek gutxienik hiru platereko menu batera gonbidatu behar lituzketela gosaldu gabe eskolara joan behar izaten duten haurrak: aurreneko platera, bigarren platera eta postrea. Oraintxe bertan!

Beste ideia bat zen haurrek greba egin beharko luketela, mundu osoko aberatsei zerga bat aplikatzen zaien arte; hori da, haurrek ez zituztela beren etxerako lanak egingo, ez zutela azterketarik idatziko eta ez zutela klasean parte hartuko, dirutik dirua egiten duten horiek beren irabazien erdia eman arte. Di-da!

Edo, pertsona guztiek jaso beharko luketela diru bat pertsona direlako, berdin dio, zahar zein gazte, gizon zein emakume, lodi zein mehe, hori, marroi, zuri edo beltz, aberats zein pobre, guztientzat diru kopuru bera hilero herrialde guztietan: inor goseak edo egarriak ez hiltzeko adina; bizitzeko, eskolara joateko eta gero lan on bat lortzeko adina; ondoren, soldata duinekin, nork bere desioak bete ahal izateko; desio guzti-guztiak eta, gainera, bakoitza etxean sentitzen den tokian. Munduko aberastasun guztia aski da pertsona guztientzat. Ados?

 

 

Hamabi

 

—Egin irribarre!

Anna bankuaren aurrean zegoen, dena berdez jantzita, eta Robinek non jarri adierazten zion.

—Pausu bat aurrerago. Beste bat erdirago. Hortxe, oso ondo!

Gero, bisera berdea jarri zion eta klik!, klik! eta klik! Argazki bat baino gehiago atera zizkion.

Annak, argazkietan politena jarri zuen Interneten: Hemen nauzue, Anna Hood!

Etxean, honela idatzi zuen: Laster ekainak 1, haurren eguna. Hemendik aurrera, gure egunak Robin Hood eguna izena izango du! Berdez jantziko gara. Ziur guztiok daukagula zer edo zer berdea: galtzerdi berde bat edo lokarri berde bat edo arkatz berde bat edo palmondo baten hosto bat edo, besterik ez bada, belar-izpi berde bat. Beraz, Robin Hood egunean berdez jantzita joango gara dirua dagoen tokira: bankura edo aberatsen etxeetara, Halloween egunean ausartzen garen modu berean! Baina ez dugu goxokirik eskatuko, ezta limosnarik ere, justizia baizik! Hori da, eta guztiontzat! Eta norbaitek barre egiten badigu edo handik bidaltzen bagaitu, argazki bat egingo diogu eta Interneten jarriko dugu. Eta hurrengo Robin Hood egunean ume berde gehiagok eskatuko dute justizia, askoz gehiagok, eta hurrengoan oraindik gehiagok eta hurrengoan oraindik gehiagok! Efektu biderkatzailea!

Robinek galdetu zion Annari ea berak ere zerbait idazterik zeukan.

—Horixe baietz!

Beraz, halaxe idatzi zuen: Ez ahaztu, handitu egingo gara eta, orduan, guk gobernatuko dugu mundua!

Segituan idatzi zuten herrialde guztietako haurrek: Bai, bai, bai, guk ere zuekin nahi dugu!

Batzuek hau edo beste galdetzen zuten. Adibidez, betaurreko berdeak eraman zitezkeen, pankartak egin zitezkeen edo bideoak filmatu.

Bai, bai, bai!

Eta ekainaren 1ean, Robin Hood egunean, Annak halaxe idatzi zuen: Aurrera!

 

 

 

Übersetzung : Naroa Zubillaga